
Eskolak eta kofradiek badaramatzagu urtetxo batzuk elkarlanean. Horren adibide dira gaztainak batzera eginiko irteerak edo Laixiar inguruko zuhaitz landaketak esaterako. Kofradien helburua bere baliabideak Iurretako herritarrei eskaintzea izanik elkarlan honek erabateko zentzua hartzen du eta azken proiektu hau bide horretan urrats berri bat ematera dator.

“Betilora” karta jolasa familien karta jolas klasikoan oinarritzen da, kasu honetan baina, familia horiek, Iurretan ditugun ekosistema ezberdinek osatuko dituzte. Iurretako sei kofradietako bakoitzetik ekosistema bat hautatu eta bertan bizi diren animalia eta landare espezieak ekarri ditugu kartetara: ekosistema bakoitzeko, ugaztun bat, hegazti bat, narrasti bat, anfibio bat, ornogabe bat, belar edo landare bat, zuhaitz edo zuhaixka bat eta onddo bat. Jokalariek, hortaz, ekosistema bakoitzeko animalia espezie guztiak eskuratu beharko dituzte jolasa irabazteko.

Animalia espezie batzuk besteak baino ezagunagoak egiten zaizkigu eta sarri gure inguruetatik urrun bizi diren animalien izenak bertakoak baino errazago ikasten ditugu. Egoera hori aldatu nahian sortutako jolasa da “Betilora”. Gure herrian ditugun bizidun espezieak ezagutarazi eta ekosistema batean espezie ezberdinek duten garrantzia azpimarratu nahi izan dugu jolas honekin.

Jolasak, jolasetako aukera eta sorpresa gehiago ere baditu eta datorren igandean aurkeztuko dizuegu herritarroi Laixiarren ospatuko dugun urteroko jaian.
Anboto astekariak argitaratutako bideoa:





Leave a Reply