Jon Irazabal Agirre

Mendetan zehar Bizkaiko herriak auzunaka antolatu ziren, kofradia izendatzen ziren espaziotan. Kofradia berbak anaitasuna esan gura du, eta gaur egun erlijioarekin lotzen den arren, antzina arrantzaleak eta bestelako langileak ere kofradietan saretzen ziren. Era berean, kofradia esaten zitzaion lurralde bat antolatu eta gobernatzeko eredu bati; erakunde administratibo eta zibilak ziren. Hauxe da tratatuko dugun kasua. Kofradiak muga zehatzeko lurralde bat izaten zuen eta erdigunean ermita egoten zen, zeinak funtzio erlijiosoaz aparte soziala ere bazuen, bizilagunen batzarleku ere bazelako.

Kofradiek, inguruko beste kofradien laguntza behar izaten zuten sarritan, proiektuak garatzeko zein arazoei aurre egiteko. Batasun horren ondorioz, XII-XIII mendeen artean elizateak sortu ziren. Gaur egungo udalen oinarria izango zirenak, hain zuzen. Elizako atarian elkartzeko ohituratik datorkie izena. Normalean, kofradia garrantzitsuenak hartzen zuen hiriburutza, eta horren izena ezartzen zioten udalerriari. Hemen, Iurretako Elizatea sortu zuten sei kofradia elkartuta: Fauste, Goiuria, Iurreta, Orozketa, San Marko eta Santa Marina.

Hala ere, kofradiek euren bizia izaten jarraitu zuten.  Haien eskumenetan eta eremuan, erabakia haiena zen. Herri txikien modukoak ziren, Iurretako herri barruan zeudenak, eta haien baso komunalak zituzten.  Mendi horiek oso garrantzitsuak ziren orduko nekazal gizartean. Baina, denborarekin, kofradiek zituzten funtzioak galtzen joan eta udalak bereganatu zituen. Udalerrian barruti lez mantendu ziren, hauteskundeetarako, zergak kobratzeko eta auzolanak prestatzeko, besteak beste. Kasik figura dekoratiboa izatera pasa ziren. 

Gero, XIX. mende gatazkatsua etorri zen, eta udalak ekonomikoki porrot eginda geratu ziren gerren eraginez. Deskalabru ekonomiko horren aurrean, gobernuak hurrengo agindua eman zuen: herri-basoak saltzea. Horrek eragina, guztionak ziren mendiak partikular batzuen jabetzara igarotzea. Udalek diru kontuak hobetuta, baina basoak erabiltzen zituzten biztanleak baliabide barik geratuta. Ataka horretan, zenbait udalek beste erabaki bat hartu zuten: baso komunalak kofradiei saltzea. Iurretak ere pauso bera eman zuen 1858an. Horrela, biztanle guztien artean 157.068,90 erreal ordaindu zizkioten udalari Laixiarzelai inguruko lurren truke. Ondorioz, kofradiak berpiztu egin ziren 1858an, herri-basoak administratzeko helburuz.

1926an, anexioarekin, Durangoko Udalak Iurretako Udalaren jabetzako basoak bereganatu zituen. Kofradi-basoek, ordea, kofradietako juntaren eskutan jarraitu zuten. Durangoko Udalak lur horiek ere eskuratzeko ahaleginak egin zituen, baina Iurretako biztanleak aurka zeuden. Hori ikusirik, 1953an kosta ahala kosta basoak lortzeko erabakia hartu zuen, ustiapenaren etekinarekin Durangoko proiektu berriak gauzatu ahal izateko  -aurretiaz, Ezkurdiko frontoiaren obra ordaindu zuen Iurretako Udalaren pinuen etekinekin-. Berriro ere Iurretako biztanleen eta kofradien ezezkoa jasota, Durangoko Udalak epaitegian egin zuen eskaera, eta 20 urte iraungo zuen auzi judiziala hasi zen. 

Azkenik, makina bat gorabeheren ostean, Durangoko Udalak amore  eman zuen 1973an, eta basoak kofradienak zirela onartu zuen otsailaren 23ko udalbatzarrean, administrazioa haien esku utzirik. Administrazio horri eusten diote gaur egun ere.

174 hektarea inguruko zabalera dute kofradi-basoek, eta administrazioaren ezaugarri nagusia zera da: etekinak Iurretako biztanleen ongizatean inbertitu behar direla. Premisa hori beteta, 50 urtez ekarpenak egin dituzte bideak konpontzeko, instalazio publikoetarako, kirol eta kultur proiektuak garatzeko, Larrakozelai eraikitzeko lurra erosteko eta abar. 

Basoak, kofradia bakoitzeko juntakide batek eta ordezko batek administratzen dituzte. Ordezkari guztiak asanblada publikoan hautatzen dituzte. Kofradiako kide da Iurretan erroldatuta dagoen familiaburu bakoitza, berdin emakume zein gizon, bere jatorria edozein delarik ere. Honek, eskubidea du batzarretan parte hartzeko, botoa emateko, eta baita juntakide aukeratua izateko ere.