Erdi Aroaren hasieran Iurretako landa eremuan bizi ziren harriz eta zurez eginiko etxoletan. Familiak ugaldu ahala inguruko lursailetan etxe berriak eraikitzen zituzten eta horrela, senide guztiak inguru berdintsuan bizi ziren. Etxeetatik hurbil ermita edo baseliza bat eraiki ohi zuten santuren bat gurtzeko eta hantxe batzen ziren inguruko biztanleak beraien bizikidetzari buruzko kontuen inguruan hitz egiteko ere. 

Horrela sortu ziren Iurretako sei kofradiak.

Kofradiek, inguruko beste kofradien laguntza behar izaten zuten sarritan, proiektuak garatzeko zein arazoei aurre egiteko. Batasun horren ondorioz, XII-XIII mendeen artean elizateak sortu ziren. Gaur egungo udalen oinarria izango zirenak, hain zuzen. Elizako atarian elkartzeko ohituratik datorkie izena. Normalean, kofradia garrantzitsuenak hartzen zuen hiriburutza, eta horren izena ezartzen zioten udalerriari. Hemen, Iurretako Elizatea sortu zuten sei kofradia elkartuta: Fauste, Goiuria, Iurreta, Orozketa, San Marko eta Santa Marina.