XIX. mendea gatazkatsua izan zen oso eta udalak ekonomikoki porrot eginda geratu ziren gerren eraginez. Deskalabru ekonomiko horren aurrean, gobernuak hurrengo agindua eman zuen: herri-basoak saltzea. Horren eraginez guztionak ziren mendiak partikular batzuen jabetzara igaro ziren eta Udalek diru kontuak hobetu arren basoak erabiltzen zituzten biztanleak baliabide barik geratu ziren. Ataka horretan, zenbait udalek beste erabaki bat hartu zuten: baso komunalak kofradiei saltzea. Iurretak ere pauso bera eman zuen 1858an. Horrela, biztanle guztien artean 157.068,90 erreal ordaindu zizkioten udalari Laixiarzelai inguruko lurren truke.
174 hektarea inguruko zabalera dute kofradi-basoek, eta administrazioaren ezaugarri nagusia zera da: etekinak Iurretako biztanleen ongizatean inbertitu behar direla. Premisa hori beteta, 50 urtez ekarpenak egin dituzte bideak konpontzeko, instalazio publikoetarako, kirol eta kultur proiektuak garatzeko, Larrakozelai eraikitzeko lurra erosteko eta abar.

